XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fedea Ertaroan, San Agustini jarraikiz, honela definitzen zen: Cognitio obscura, hots, ezagupen iluna.

Bi gauza daude hemen: ezagupena, alde batetik, eta iluna, bestetik.

Kuestioa da bi horietarik zeini ematen zaion lehentasuna.

Ilunari lehentasuna emateak badu abantail bat: fedearen libertatea hobeki salbatzen dela.

Gizonak libreki hautatzen du.

Fedearen meritua ere, libertatearen ondorioz, hobeki ikusten da.

Ezagupenaren alderdia azpimarratzen denean, aldiz, fedea zeruko ezagutzaren lehen distira edo hastapen bezala azaltzen zaizu.

Fedea egunsentia da, argiaren hastea; gero zeruan bere betea ezagutuko duen argiaren hastea.

Bi hitz hauek ezagupena eta iluna errealitate beraren alderdi bana salatzen digute.

Ez dira elkarren etsai, elkarren lagungarri baizik.

Fedeak beti dakartza berekin bi gauza hauek, bai lurrean eta bai zeruan ere, nahiz eta ez neurri edo tamaina berean.

Hori kontuan izanik, lurrera erortzen dira Kristoren eta zerutarren fedearen aurkako arrazoiak.

Izan ere, Kristoren arimak Jainkoa ikusten bazuen ere, ez zuen Jainkotasun hori bere luze, zabal eta sakon guztian barnatzen.

Eta gauza bera gertatzen zaie zerutarrei.

Aquasparta, ertaroko frantziskotar teologoak, oharpen hau egiten du: are zeruan ere kreaturak ez duela Jainkoa osoki eta alde guztiz inguratzen, eta orduan lekua egon behar duela han, ez fedearentzat presiski hala dio berak, baina bai credulitas deitzen den horrentzat.

Eta gaineratzen du: Orduan ez da desegoki zerutarrek zerbait sinesten dutela esatea.

Eta Doniane Gurutzekoak esango du zeruan fedearen mamiak badirauela.

Esan behar da, bada, fedearen definizio horrek muga estuegiak dituela, eta hortik gero mota askotako korapiloak metatu direla.

Adibidez, San Tomasek, Eskriturako pasarteek beharturik, onartzen du Kristok lurrean bizi zenean bazuela obedientzia, baina federik ez (!).

Galdetu behar da orduan nola izan daitekeen Kristo gauza guztietan gure antzeko, salbu bekatuan, fedearen osagai diren esperantza, eramapena, leialtasuna etab. ukatzen bazaizkio.

Bukatzeko: Badirudi fede eta esperantzaren alderdi positiboak eta ez negatiboak hartu behar direla oinarritzat.